Guatemalako 1985eko Konstituzio Politikoak eta 1996ko Bake Akordioek giza betebehar eta eskubideen, betebehar eta eskubide zibikoen eta politikoen berdintasuna ezartzen dute bi sexuentzat. Dena den, emakumeen egoerak erakusten du haien bizitza sozializazio ereduen arabera eraikitzen dela, horiek ikasi egiten direla txikitatik hainbat espaziotan, eta gizonen azpian jartzen dituztela. Horren ondorioz, emakumeek planteatutako arazoentzako beharrak eta irtenbideak, normalean, bigarren planoan gelditzen dira, eta, askotan, ezikusiarena egiten zaie. Tradizioz, emakume izaera familiaren zaintzatik komunitateko gunea zaintzera igaro da, eta horrek sistematikoki desabantaila egoeran jartzen ditu, eta ez die aukerarik ematen beren baliabide pertsonal, familiar eta komunitatekoen inguruan erabakirik hartzeko. Beraz, adibidez, emakumeek diru sarrerak dituztenean, ez dute eskubiderik horiek erabiltzeko.

Emakumeen garapen ekonomikorako aukerak urriak izan dira, eta halakoak dira oraindik, oraindik ere arrakala baitago baliabide ekonomikoetarako sarbidean, haien erabileran eta kontrolean. Horrek zerikusia du emakumeek familien, komunitatearen eta udalerriaren garapenari egiten dioten ekarpenaren aitortza faltarekin.

Halaber, emakume indigena ugariri zaildu egiten zaie kredituak eskuratzea banku sisteman eta/edo sistema kooperatibistan, ez baitute babes moralik (senarrarena edo familiarena), ezta materialik ere (ez dute ondasunik berme moduan).

“EMAKUMEEK EZ DUTE ESKUBIDERIK EGITEN DUTEN LANAGATIK IRABAZTEN DUTEN DIRU SARRERAK BALIATZEKO”

Emakumeek nekazaritzari eta elikadurari egiten dioten ekarpen handia gorabehera, horietako gehienak ez dira lurren jabe eta, ondorioz, ez dute erabakitzen zein den horien erabilera nagusia. Ekarpen hori guztia ulertzen da emakumeek gizonari ematen dioten “babes” modura, eta ez da emakumeen zeregina ikusarazten ekoizpen lanari dagokionez, nahiz eta familia osoarentzako beharrezkoa eta osagarria den.

Emakumeak Guatemalako populazioaren % 50 baino apur bat gehiago dira; hala ere, historian zehar baztertu egin dituzte garapenaren etekinetatik, bereziki landa guneetako emakume indigenak. Hona hemen egoera horretan eragina izan duten faktoreetako batzuk:

  • Oro har, gizonek soilik dituzte etxetik eta komunitatetik ateratzeko baldintzak; emakumeek zail izaten dute, konpromiso ugari izaten baitituzte eta etxean lan ugari egin behar izaten baitira. Gainera, gizonen iruditerian, uste da emakumea ez zaiela fidela izango espazio mistoetan parte hartzen badu.
  • Normalean, trebakuntzaren batean parte hartzean, ez dira kontuan hartzen emakumeen ordutegiak eta lan kargak.
  • Emakume indigena gehienak elebakarrak eta analfabetoak dira, eta ez dira espainieraz moldatzen. Guatemalak legeak dituen arren bermatzeko 24 hizkuntza ofizialetako edozein erabili daitekeela, egiatan, gehienetan espainiera erabiltzen da bakarrik, eta horren ondorioz, emakumeek ez dute sarbiderik justiziara, osasun sistemara, hezkuntzara eta abar, ez behintzat berdintasunez eta babes kulturalaz.
  • Horri gaineratu behar zaio hedabideetarako eta teknologia berrietarako sarbidea. Oso aukera txikiak dituzte horiek eskuratzeko.

Guatemalan, bazterkeria etnikoa eta lurralde esklusioari genero bazterkeria, indarkeria eta matxismoa gehitu behar zaie, batera baitatoz, eta modu are zabalago eta egiturazkoagoan mugatzen dituzte herritarren eskubideak eta emakumeen potentzialitateen garapena. Genero indarkeria edo indarkeria matxista edonon ageri da.

“HERRIALDEKO GERO ETA EMAKUME GEHIAGO EGUNERO HILTZEN, BORTXATZEN, ERASO EGITEN… JARRAITZEN DUTE”

Hori dela eta, ezin dugu aipatu gabe utzi herrialdearen orban handienetako bat: feminizidioak. Gautemala aitzindaria izan den arren emakumeen aurkako indarkeria errotik desagerrarazteko politikak sortzen, tamalez, egiatan egunez egun hiltzen, behartzen eta erasotzen dituzte, besteak beste, emakume ugari. Are larriagoa da emakume indigenen kasuan.

Indarkeria egiturazkoa da, normalizatu egin da, ziurrenik gatazka armatuak iraundako urte luzeen eta jasandako injustizia guztien ondorioz. Dena den, pittinka-pittinka, justizia hasi da emakumeen aldeko epaiak ematen, haiei arrazoia ematen. Serpur Zarco kasua garaipen bat izan da, sexu indarkeria jasan zuten emakume indigenen aldeko aitortza bat, baina erreparazioa oraindik ez da iritsi. Hala ere, ari dira urrats txikiak egiten.

Sozialki eta kulturalki, emakume indigena bigarren edo hirugarren mailako herritar bat da. Gizonen jabetza moduan ulertzen dira, baita senarrek beste herrialde batzuetara migratzen duten kasuetan, nahiz eta haiek beste familia bat osatu eta Guatemalan utzitako erantzukizunez arduratzera inoiz itzultzen ez badira ere. Horrelakoetan, neba bat, aita edo komunitateko gizon batek eskubidea sentitzen du (batzuetan beren betebeharra dela uste dute) abandonatutako emakumeari eragiten dioten erabakiak hartzeko.

Azkenik, garrantzitsua hau ere, aipatu behar dugu emakumeek zein zeregin duten erabakiak hartzeko espazioetan; alderdi politikoetan, herritarren batzordeetan eta komunitateko batzarretan. Oro har, emakumeek ez dute erabakiak hartzeko aukerarik, horiek gizonetara mugatzen baitira eta, hortaz, haien interesei erantzutera bideratzen dira. Emakumeak erabiltzen dira ere bozka emateko laguntzako ekintzen truke, eta horrek are larriagoa bihurtzen du emakumeen antolakuntza sozialaren arazoa, are gehiago banatzen baititu. Horren ondorioz, nabarmendu egin behar ditugu apurka-apurka emakumeei aldaketa posible dela sinetsarazten dieten adibideak. Ezagutzen ditugu Rigoberta Menchú bezalako kasuak: hura izan zen hauteskunde batzuetara alderdiburu moduan aurkeztu zen lehen emakume indigena. Thelma Cabrera ere aipatu beharra dugu; izan ere, aurrekoaren urratsei jarraituz oso emaitza onak lortu baititu azken hauteskundeetan.

Hori guztia ibilbide txikia da harriz jositako bide batean, emakumeei gizartearen esparru guztietan berdintasunaren alde aurrera egitea oso zaila bihurtzen dien bidean. Bide hori elkarrekin egin behar dugu, eskutik helduta, indartsuago izateko eta etorkizun hobe baten alde borrokatzeko.

 

Sinadura: Ainara Azaola Arconada