ARTIVISTA zikloak (antirrazista eta feminista) sinesmen sendo batetik egiten du jauzi: arteak espazio pribilegiatua eskaintzen duela elkar ezagutzeko, adierazteko eta emakume gisa bizitzen ditugun errealitateak eraldatzeko. Emakume migratuentzat, arrazializatuentzat edo egiturazko desberdintasunen eraginpean gaudenontzat, sortzeko eta ahotsa altxatzeko propioa den espazio bat izatea beharrezkoa eta oso politikoa da. Premisa horretatik sortu da ekimena, emakume antolatuen jakintza eta esperientzietatik eraikia, eta sorkuntza kolektiboa erresistentzia eta ahalduntze modu gisa ulertuz.
Arte

Ziklo hau, Getxoko Udalak finantzatua, artea erdigunean jartzen du parte-hartze soziala, autonomiak eta emakumeen lidergoak indartzeko tresna gisa. Lan artistikoak sortzea baino gehiago, gune segurua, hausnarketarako eta topaketarako espazioa sortzea izan da helburua; bertan, askotan bazterrean geratzen diren istorioak, identitateak, hizkuntzak eta jakintzak entzun eta partekatu ahal izan dira. Arteak, testuinguru honetan, gure bizipenak gure borrokekin lotzeko zubia bihurtzen da, eta beste mundu posibleak irudikatzeko aukera ematen du.

Proiektua Mujeres Tejiendo Red taldearekin pentsatzen hasi zen, Algortan antolatutako emakume guatemalarrek osatutako kolektiboarekin. Hala ere, prozesuak aurrera egin ahala, erabaki zen udalerriko beste emakume batzuei ere irekitzea. Mugimendu horrek, ahotsak biderkatzeko asmoarekin egindakoak, ekarpen handia egin zuen: aniztasunak dinamika aberastu zituen, sareak sendotu eta emakume askori adierazteko eta sortzeko espazio segurua eskaini zien.

Zikloaren barruan bi ekintza nagusi garatu ziren:
Collage Sorkuntzako Tailerra eta Rap Tailerra, biak ere erreferente diren emakume artistek gidatuak eta udalerriko kultura-espazioetan kokatuak.

Collage Tailerra: elkar ezagutzea, sortzea eta izendatzea

Lehenengo prozesua irailaren amaieran burutu zen Gurarin, Getxoko emakumeen etxean, eta espazioa kolorez, irudiz, aldizkariz, hitzez eta elkarrizketa sakonez bete zen. Asteburu batez, konfiantzazko gune segurua sortu genuen, non parte-hartzaileek beren sormena askatasunez arakatu ahal izan zuten.

Tailerra Ines Bermejo getxotko artista bisualak gidatu zuen; hark ibilbide zabala du arte eszenikoetan, irudigintzan, dantzan eta ekoizpen kulturalean. Bera lagun zutela, emakumeek collagea landu zuten berezko hizkuntza gisa: irudiak berreraikitzeko, zatiak uztartzeko eta egunerokoa esanahi handiko piezatan bihurtzeko aukera ematen duen teknika.

Bi saiotan, mezu indartsuz betetako txapak, iman eta kartel ugari sortu ziren. Euskara, k’iche’ eta gaztelania erabiltzeak ez zuen soilik identitateen aniztasuna islatu, baizik eta gure hizkuntzek sortze-prozesuetan lekua izatearen garrantzia ere azpimarratu zuen. Parte-hartzaile askok adierazi zuten zenbateraino zen esanguratsua beraien mezua jasotzen duen txapa bat eramatea, beren istorioa kontatzen duena edo beren aldarrikapenak ikusgarri egiten dituena.

Rap Tailerra: idatzi, abestu eta elkarrekin ahotsa altxatu

Zikloko bigarren zatia azaroan garatu zen Abian Kultur Elkartean, Algortako herriko taberna batean, eta honek ere bere ateak ireki zizkion sorkuntza-prozesuari. Tailerra La Basu rap artista euskaldunak gidatu zuen; urteetan aritu da rap munduan, eta hip hop kulturaren barruan emakumeen presentziaren aldeko borrokan erreferente bihurtu da.

Lau saiotan, adin eta jatorri askotako emakumeek raparen mundura hurbildu ziren idazketaren, erritmoaren, flowaren eta talde-sorkuntzaren bidez. Ez zen tailer tekniko hutsa izan: prozesua emozionala, sortzailea eta politikoa izan zen. Konfiantzazko dinamikak, idazketa libreko ariketak eta elkar entzutea ardatz hartuta, emakumeek elkarrekin sortu zuten beren borrokak eta nahiak jasotzen dituen kanta.

Euskarak berebiziko garrantzia hartu zuen, hip hopean gutxitan entzuten den hizkuntza baita. Azken emaitza bi hizkuntzatan sortutako pieza da, hizkuntza gutxituen defentsa aldarrikatzen duena eta gure identitateen aberastasuna erakusten duena. Kanta honek ekoizpen ikus-entzunezko indartsu batean hartu du forma, eta sortutako harrotasuna eta energia ederki jasotzen ditu.

Artea sortzea, eraldatzeko modu bat

Ziklo honek gogorarazten digu artearen bidez adieraztea ez dela jarduera sortzaile hutsa: erresistentzia ekintza bat da, memoriarako ariketa eta ekintza kolektiborako bultzada. Elkarrekin sortzeak aukera eman digu elkar ezagutzeko, izendatzeko, ikusgarri egiteko eta elkar sostengatzen duten sareak sendotzeko.
Izan ere, elkarrekin indartsuagoak gara, elkar zaintzen dugu, eta elkarrekin eraikitzen ditugu gure ahotsak entzunak eta errespetatuak izango diren espazioak..